|
Zerkausia (XVIII. mendea) Euskarazko izen honek, Zerkausiak, hesiari egiten dio erreferentzia. Mende asko dira inguruko baserritarrak hor bertan elkartzen zirela beren produktuak saltzeko edo elkarren artean trukatzeko. 1898. urtean eraitsi zuten hasierako estalpea, eta ondorengo urteetan eraikin berria egin zuten. Eraikin berriak egitura metalikoa du, eta eraikitzeko mende berriak ekarritako eraikuntza teknikak eta material berritzaileak erabili zituzten. Egun, larunbatero egiten da bertan baserriko produktuen azoka. ![]() |
|
Naparzubia (XIII. mendea) Tolosako bista ezaguna. Nafarroa aldera joateko edo Nafarroatik zetozenentzat Oria ibaia pasatzeko betidaniko zubia. Ibaian beherago dagoen Arrameleko zubia bezalaxe, uste da XIII. mendean jada harrizkoa zela. Hasieran lau begi zituen eta XVIII. mendean bosgarren bat gehitu zioten. Harlanduzko bi zubi branka sendo ditu erdialdean eta txikiago bat ibaiaren ezkerraldean. Arkuak desberdinak dira eta kareharri grisez eginak daude. Behin baino gehiagotan birmoldatu eta zabaldu izan da. ![]() |
|
Gaztelako atea (XVIII. mendea) Antzinako hiri harresidunean sartu edo ateratzeko zeuden bost ateetako bat zegoen tokian dago. Egungoa neoklasikoa da, kuxindurazko azpadurarekin. Eskolapioen eraikinari erantsita egon zen ehun urtetik gora, eta hura eraitsi zenean, bera bakarrik geratu zen. ![]() |
|
Aranburu jauregia (XVII. mendea) Armarria duen etxea da, euskal barrokoaren prototipoa. Aurrealdea kareharriz egina dago eta kuxindurazko harlandua du. Miguel Aranbururen armarria du. Gizon horrek 1696. urtean Gipuzkoako foruak bildu zituen eta inprimategia jarri zuen bertan. Familiaren dokumentuak oso ongi gorde dira orain arte, fondo pribatu gisa, Zabala Etxearen Artxiboa izenekoan. Egun, erakusketak egiteko bi gela ditu, eta udal liburutegia eta udal artxiboa bertan daude. ![]() |
|
Santa Maria eliza (XVI.-XVII. mendeak) 1503ko sutean erre zen beste eliza txikiago baten ordezkoa da. Gurutze gangak dituzten hiru habearte ditu, eta euskal berpizkundea izeneko estilokoa da. Eliza egiten aritu ziren arkitektoen, maisu harginen eta eskulangileen artean Martin Carrera nabarmendu behar da. Aurrealde barrokoa egin zuen, eta erdian kanpandegia eta alboetan bi dorre txiki jarri zizkion. 1.630 metro karraturekin, Gipuzkoako tenplu handienetako bat da. Jatorrizko kokalekutik ekarrita, San Estebango ermitaren portada erromanikoa du barnean. ![]() |
|
Berdura plaza (XIX. mendea) Toki berezia da. 1899. urtean, Jose Alejandro Mugika arkitektoak eraiki zuen. Erdi Aroaz geroztik alondegi eta merkatu funtzioak izan zituen lekuan dago. Burdinaz egina dago, kristalezko gaina du eta plazako arkuek inguratzen dute. Plaza honetan egiten da larunbatero barazkien, loreen eta landareen azoka. ![]() |
|
Santa Klara komentua (XVII. mendea) 1666ko eraikina, Naparzubi ondoan, Santa Klara kalean. Eliza eta bere aldare nagusiko erretaula barrokoak dira. Ignacio Ibero arkitektoaren obra. Korreo kaleko Iturritza jauregian zegoen lekaime komunitatea,1612an fundatu zutenetik han zegoena, eraikin honetara etorri zen. Independentziako gerran eta karlistadetan ospitale militarra izan zen. Bere inguruan garai haietan lur emandako soldaduen gorpuak aurkitu ziren. ![]() |
|
Plaza Berria (XVIII. mendea) Alde Zaharrean eratu zen azken plaza da, XVIII. mende hasieran, Iribaratzeta izeneko tokian. Hantxe kokatu zuten bigarren Udaletxea, gaur egun Abastos deitzen zaion eraikina. Plaza honetan mota guztietako jai eta ospakizunak antolatzen ziren, baita zezenketa ere. ![]() |
|
Aldundiaren jauregia (XIX. mendea) Antonio Mª Labaien Kultur Etxea Barrenatxoenea edo Portaletxe etxearen orubean eraikia dago. 1856. urtean amaitu ziren lanak eta Aldundiko bulegoak jarri zituzten bertan. Eraikin berezia da, ordena neoklasiko nabarmena duena. Orain Antonio Maria Labaien Kultur Etxea dago bertan. ![]() |
|
Lapaza etxea (XVIII. mendea) Lau solairuko eraikuntza, lehenengo biak harlanduzko hormaz eginak daude eta beste biak adreiluz. Zurezko egitura du. Teilatu hegala, landutako egurrez egina dago. ![]() |
|
Euskal Herria plaza (XIX. mendea) Hiriaren lehen zabalgunea da. Plazak 50 metro ditu alde bakoitzeko, eta plaza eta inguruko eraikinak XIX. mendean zehar egin zituzten. Eraikin nagusia herriko bi arkitektok, Unanuek eta Eskoriazak, egin zuten eta Justizia jauregi eta auzitegi barrutiko espetxe izan zen. Jose Mari Iparragirre koblakaria bertan egon zen giltzapean. Arkupeetako hormetan dauden margolanak Iñaki Epelde, Jose Luis Longaron, Koldo Jauregi eta Jose Mari Hernandez artistek egin zituzten. ![]() |
|
San Frantzisko komentua (XVI. mende bukaerakoa) 1587an fundatua eta harresietatik kanpo eraikia, Gaztelako errege bidean. Elizak nabe bakarra, kanoi ganga eta erretaula errenazentista interesgarria ditu. Gerra karlistetan kuartel, ospitale eta biltegi izan zen. Bere garai bateko baratzetan Beotibar pilotalekua eta San Frantzisko pasealekuaren zati bat ikusten ditugu gaur egun. ![]() |
|
Atodo jauregia (XVI. mendea) Eraikin handia da eta harlanduzko aurrealdea, zur landuzko teilatu hegal bikoitza, armarria eta forjazko balkoi ederrak ditu. Fermin Atodoren jaiolekua izan zen. Gizon honek Felipe II.aren enbaxadore kargua izan zuen Erroman. ![]() |
|
Iturritza jauregia (XVI. mendea) Erdi Aroko lur sail batean eraikia dago. Bere fatxada, harrizkoa eta adreiluzkoa, nabarmentzen da. Udal teilerian egindako adreiluak ditu. 1612tik 1666ra moja klaratarren komunitatea han bizi izan zen, jauregiaren jabeek, Miguel Mendiolak eta Magdalena Unanuek, eskatuta (beren armarriak jauregiaren aurrealdean daude). Gero, Santa Klara komentura joan ziren mojak, Naparzubiaren beste aldera. ![]() |
|
Gorrotxategi gozogintza museoa Gorrotxategi museo teknologikoan erakusgai daude gozogileek XIV. mendetik elektrizitatea iritsi arte erabili izan dituzten tresna eta teknikak, txokolatea, gozokiak, turroiak, xaxuak, bizkotxoak, argizarigintza, etab., egiteko. ![]() |
|
Parke arkeologikoa Tolosako herria, parke arkeologiko hau kokatzen den gune historikoan eratu zen. Parkea elementu hauez osatua dago: Erdi Aroko nekropolia, hiribildu zaharra babesten zuen harresia, 1332ko errota baten azpiegitura hidraulikoa eta jauregi errenazentista bikain baten hondakinak (Alonso Idiaketzek agindu zuen eraikitzea 1530ean). ![]() |
|
Udaletxea (XVII. mendea) Estilo barrokokoa da eta arkupea du. Aurrealdea adreiluzkoa da eta balkoia burdin forjatuzkoa. 1657 eta 1672 urteen artean egin zuten, eta eraikitzeko, Erdi Aroko bost orube erosi behar izan zituzten: bi, eraikina bera egiteko, eta beste hirurak, aurreko aldean plaza eratzeko: Plaza Zaharra. ![]() |
|
Idiaketz jauregia (XVII. mendea) Tolosako orube zaharrenetako bat da eta Nafarroako atearen eta zubiaren ondoan dago. Egungo jauregiaren aurrealde nagusia kareharriz egina dago; ibai aldera ematen duen fatxada, berriz, adreiluz mailakatuta dago, harresiaren trazadurara egokitzeko. Jauregi honetan Alonso Idiaketz jaio zen, Karlos V.aren idazkari pertsonala. Etxe honetan bizi izan zen haren ahaideko Felix Samaniego alegilaria eta 1775. urtean Tolosako alkate izan zena. ![]() |